Athletic Clubek ezin izan du bere 25. Kopa eskuratu eta FC Bartzelonaren aurka 1-4 galdu du. Golegileak Toquero, Yaya Toure, Messi, Bojan eta Xavi izan dira. Azkenik ahalegin guztiak antzuak izan dira eta kale zein harmailetan nagusitasuna erakutsi arren, zaila zen oso munduko talderik indartsuena mendean hartzea eta halaxe gertatu da. Gizarte oso batek egin duen ahalegina, dena den, saritzeko modukoa izan da eta historiarako beste orrialde bete du gure zalegoak, sarrera eta sarrerarik gabe. Mila esker guztioi, zuek bai zarete nagusiak! Zorionez, ez da gure azken finala izango.
Athletic Clubaren hasiera guztiok ametsetan irudikatu genuena izan zen, ondo ipinita eta hamargarren minuturako aurretik markagailuan, nahiz eta batzuren ustez gola “goizegi” sartu zen. Yestek jaurti zuen kornerra eta Toquerok bigarren zutoinean buruz sareetara errematatu zuen. Zoramena Mestallan, San Mamesen eta munduko toki askotan. Espero zenez, Barçak baloia hanketan are gehiago izan zuen, baina gure jokalarien lan eskergari esker asko kostatzen zitzaion abagune garbiak sortzea. Eto’o bakar bakarrik geratu zen Amorebieta heldu arte eta kamenrundarrak berak urrutitik jaurti zuen Iraizozek geldi zezan.
Aitzitik, egoera berriak gure taldea Pintoren aretik asko, gehiegi, urrundu zuen, presioa ateko saketik lau gizonekin hasten bazen ere. Eta ametsa amesgaiztoa bihurtzen hasi zen Yaya Toureren banako jokaldiarekin, bere areatik aurrera jo eta urrutitik egindako jaurtiketa Amorebietaren oinetan jo eta barrura abiatu zenean. Jokalariak bigarren horia behar zuen, Athleticeko zaleei keinu txarra egiteagatik, baina epaileak ohartu baino ez zion egin. Zelaian, Athletic Club atsedenaldira bizirik heldu zen.
Ezinzekoa izan zen eta arerioa nagusi denean burua altxa, zoriondu eta denboraldia ongi amaitu Superkopan gauzak hobeto joango direlakoan. Kopa bikain batekin amaitu du Athletic Clubek eta gainera UEFA Europa Leagueren lehendabiziko edizioan parte hartzeko sariarekin. Beharbada munduko zelagorik onena eta sutsuena izatea ez zen nahikoa izan oraingo honetan, baina gutxienez zelaian eta zelaitik at nola animatu, nola babestu eta nola galtzen jakiten den agerian geratu zen, berebiziko ikasgaia emanez munduko milioika ikusleen aurrean. Beti Zurekin.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario